XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Farleyk gizonezkoarena eta Rivíerek emakumezkoarena egin zuten.

Talde dantza inprobisatu bat gero, eta gizonezkoek pauso berriak asmatu zituzten.

Hura alaitasuna! Gogotik parte hartu zuen Jimmyk; hura bai zela bizitza ezagutzea, azkenean.

Halako batean arnasarik gabe geratu eta Stop! oihu egin zuen Farleyk.

Gizon batek afari arin bat ekarri zuen, eta mutil gazteak eseri egin ziren formak errespetatzeagatik.

Edan, edan zuten, hala ere: bohemia-giroa zen.

Irlanda, Ingalaterra, Frantzia, Hungaria eta Ameriketako Estatu Batuen alde edan zuten.

Hitzaldi bat egin zuen Jimmyk, hitzaldi luze bat, isilaldi bakoitzeko Villonak Hori da! Hori da! esaten ziola.

Esku zarta handiak izan ziren eseri zenean.

Hitzaldi ona izan zen, nonbait.

Farleyk zapladatxo batzuk eman zizkion bizkarrean algaraka barrez.

Bai lagun alaiak! Bai lagunarte ona haiena!

Kartak! Kartak! Mahaia hustu zuten.

Villona bere pianora itzuli zen lasai-lasai eta gogoak ematen zizkion pieza batzuk jo zizkien.

Gainerakoek, berriz, jokaldia jokaldiaren ondoren jokatzen zuten, beren buruak ausarki abenturara jaurtikitzen zituztela.

Andere Bihotzaren eta Andere Pikaren osasunera edan zuten.

Entzule falta sentitu zuen Jimmyk ilunki: umore-txinpartak zirt eta zart ari ziren.

Jokoa oso goian jarri zen eta paperak pasatzen hasi ziren.

Jimmyk ez zekien oso garbi nor zihoan irabazten, baina bazekien bera zihoala galtzen.